XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II. GIPUZKOA 2000 ESTRATEGI PLANA, EZINBESTEKO ERREFERENTZIA.

Gipuzkoa 2000 Estrategi Planaren edukia, eta batez ere GIZARTE DESOREKEI ETA GIZARTE ONGIZATEAri eskainitako atala da Gipuzkoako Foru Aldundiak XX. mendeko azken hamar urteetarako diseinatutako jardueren funtsezko eta ezinbesteko erreferentzia.

Estrategi helburuak, hau da, 2000. urtea muga duten aurreikusitako jardueren helburu nagusiak, honako hauek dira:

a) Modu erabakiorrean eragitea gizarte desoreken jatorrian, eta batez ere aukera berdintasunari dagokionean. Eta honek berekin dakar gizarte sistema unibertsalistenetako alorkako politiken diseinuan (hezkuntza, osasun, hirigintza edo enpleguan, besteak beste) alderdi orekatzaile eta aurreratzaileari lehentasuna eman beharra.

b) Aurreikuspen alderdia indartzea gizarte zerbitzuetan, diren arazoak konpontzeko eginkizunean jarraitu beharko badute ere. Alabaina, funtsezkoa dirudi gizarte sistema primarioen (hezkuntza, osasuna, etab.) ardura duten instituzioen eta gizarte zerbitzuei estu loturiko erakundeen arteko harreman ahalik eta estuena eratzeko beharra.

Esandako honen argigarri gisa, gero eta premia handiagoa dago gizarte-hezkuntza arloan eta, haurren mailan ari garela bereziki, gizarte-osasunekoan gauzatu behar den interbentzioa antolatzeko, prebentzio interbentziorako esparruak baitira.

c) Gizarte marjinaltasunean kokatutako kolektiboen bizitza baldintzak hobetzeko jarduerei jarraipena ematea. Honen inguruan adierazi beharrekoa da oraindik ere hainbat gizarte sektore badela behar besteko arretarik jasotzen ez duena, eta joera nagusiei jarraiki, baliteke premia maila handiko kolektiboak handitzea eta berriak ere sortzea.

Haurrari dagokionean, gizarte honetan gertatu diren aldaketa soziokulturalek hainbat aldaketa eragiten dute familiaren egituretan, eta arreta handia behar duten egoera berrietako bat zera da, aita edo ama besterik ez duten familia kopuruaren areagotzea. Horrelako etxeen ardura duen pertsona, sarritan, emakumea izaten da, eta lanik gabe baldin badago, oso gizarte egoera arriskutsuan egon daitezke haren seme-alabak.

Bestalde, premia egoeran dauden familietan bizi diren haurrak ere asko dira, eta gizarte marjinaltasunaren emaitzak denen artean zabaltzen dira, eta hezkuntza, osasuna eta aukera berdintasunaren arloetan desorekak sortzen.